XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina, Pinotxok ez zuen nahi.

- A! Gor papera egiten al duzu? Itxoin ezazu, berehala botaraziko dizkizugu-eta!.

Orduan, batek sudur puntatik heldu zion eta kokotsetik besteak eta alde batetik bestera tiraka hasi zitzaizkion ahoa irekierazteko asmoz.

Baina ezin zuten inola ere.

Panpinaren ahoak iltzez josia zirudien.

Azkenean, eraile txikienak labana handi bat atera zuen eta, palanka eginez, ezpain tartean sartu nahi izan zion.

Baina Pinotxok, tximista baino azkarrago, hortzez eskuari heldu, hozkada batez moztu eta lurrera bota zuen.

Pentsa ezazue nolakoa izan zen Pinotxoren harridura, eskuaren ordez, Katuaren atzaparra bota zuela lurrera ikusi zuenean.

Lehenengo garaipen honekin ausartaturik, atzazalen laguntzaz baliaturik, bide bazterreko hesiari salto egin eta zelaian zehar korrika abiatu zen.

Eta eraileak ere, zakurrak erbiaren atzetik bezala, bere atzetik korrika zihoazen.

Eta atzaparra galdu zuenak ere, herrenka-herrenka, korri egiten zuen.

Baina hamabost kilometroko ibilaldia egin ondoren, Pinotxok ezin zuen gehiago.

Eta bere burua galduta ikusirik, pinu luze baten enborretik gora igo eta adar baten gainean eseri zen.

Eraileak saiatu ziren igotzen, baina enborraren erdialdera iritsi zirenean, irristatu eta lurrera erori ziren, eskuak eta hankak larrutuz.

Hala ere, ez zuten etsi; pinuaren inguruan egur igarra bildu eta su eman zioten.

Istanteko pinuak sua hartu zuen eta, haizeak mugitzen duen kandelaren antzera, garretan hasi zen.

Pinotxok ikusirik sugarrak gero eta gorago zihoazela eta kiskaltzeko beldurrez, jauzi handi bat egin eta mahasti eta zelaietan zehar korrika hasi zen berriro.

Eta eraileak atzetik jarraitzen zitzaizkion nekatu gabe.